CaixaBankek eta Microsoftek Espainiako STEM (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika) unibertsitate-graduetako 16 emakumezko ikaslerik onenak saritu dituzte WONNOW sariekin. Aurtengoa zortzigarren edizioa duten sari hauek STEM arloetako ikasketak egiten dituzten emakumeen bikaintasuna nabarmentzen dute, proportzionalki emakumeen presentzia urria duten esparru horietan genero-berdintasuna sustatzeko asmoz.
2018ko lehen ediziotik, Espainia osoko 5.922 ikasle aurkeztu dira WONNOW sarietara, eta kopuru horrek argi uzten du deialdia finkatu egin dela unibertsitatearen esparruan. Azken edizio honetan, eutsi egin zaio parte-hartzaileen kopuruari: Espainia osoko unibertsitateetako 1.080 hautagai izan dira.
WONNOW sariak banatzeko ekitaldia Bartzelonako CaixaBanken all in one bulegoan egin da, eta bertan izan dira Gonzalo Gortázar, CaixaBankeko kontseilari ordezkaria, eta Paco Salcedo, Espainiako Microsofteko presidentea.
Bere hitzaldian, Gonzalo Gortázarrek nabarmendu du sari hauek "ikasketa zientifiko eta teknologikoak aukeratu dituzten emakumeen talentua aitortu eta saritzen dute(la); izan ere, halakoetan oraindik txikia da emakumeen presentzia, baina gero eta garrantzitsuagoak dira, gure gizartearen erronka orokorrei heltzeko". CaixaBankeko kontseilari ordezkariak saridunak zoriondu ditu, "etorkizunean ikasketa zientifiko eta teknologikoak egingo dituzten emakume unibertsitarioentzat eredu onena izateagatik”, eta nabarmendu du "WONNOW sarien aurreko edizioetan saria jaso zuten emakumeen herenak baino gehiago gure taldean ari dir(el)a".
Bestalde, Paco Salcedok eskerrak eman dizkie WONNOW sarietan parte hartu duten hautagai guztiei, eta aipatu du "STEM sektoreko parekidetasuna eta inklusioa ez dir(el)a aspirazio hutsak; beharrezkoak dira gure gizartearen garapenerako eta lehiakortasunerako". "Sektore teknologikoan, genero-arrakala premiazko erronka da oraindik ere: gaur egun, Espainian IKTen sektorean dihardutenen % 29,8 baino ez dira emakumeak, eta adimen artifizialaren eremuan ehunekoa are txikiagoa da, % 23koa. Hori dela eta, bereziki inspiratzailea da WONNOW sarien irabazleen talentua, bikaintasuna eta erabakitasuna ikustea, gure herrialdeko berrikuntzaren etorkizuna baitira. Adimen artifizialak eta teknologiak inklusiboak izan behar dute ezinbestean, eta ez dute bereizketarik egin behar generoagatik, horrela bakarrik sortu ahal izango baititugu gizarte osoaren beharrei erantzungo dieten soluzioak. Emakumeen STEM talentuaren alde egitea ekitate-kontua ez ezik, lehiakortasun- eta etorkizun-kontua ere bada Espainiarentzat", azpimarratu du.
Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioak 2023-2024 ikasturtean egindako ‘Científicas en cifras 2025 (Ireki beste leiho batean)’ azterlanaren arabera, ingeniaritzako eta arkitekturako ikasketetan matrikulatuta zeudenen % 28,1 bakarrik ziren emakumeak. Duela 10 urte, 2014-2015 ikasturtean, ehuneko hori % 25,6koa zen, eta orduz geroztik hazten ari da urtez urte. Nolanahi ere, oraindik oso urrun dago gizonezkoekiko parekidetasuna.
Ikasketa-espediente onenak
2025ean, espediente akademiko onena eta ibilbide profesional, pertsonal eta sozial onena izan dituen ikaslea Marta Sierra Obea (Monzón, Huesca) izan da; gradu bikoitza egiten ari da Datuen Zientzia eta Ingeniaritzan eta Telekomunikazioen Teknologiako Ingeniaritzan, Madrilgo Karlos III.a Unibertsitatean, eta 10.000 euroko sari ekonomikoa eta Microsoften mentoring programarako sarbidea lortu ditu.
Beste 15 ikasle saridunek CaixaBank Taldean lan egin ahal izango dute sei hilabetez lan-kontratu batekin, arlo garrantzitsu batean (Negozioa, Finantzak, Arriskuak, Digital Transformation & Advanced Analytics, Baliabideak eta Jasangarritasuna, besteak beste), eta Microsoften mentoring programan ere parte hartuko dute.
Aurtengo irabazleak WONNOW sarietan aintzatetsitako emakumeen zerrenda luze batean sartu dira. Gainera, aurreko edizioetako 28 saridunek CaixaBank Taldean lanean jarraitzen dute gaur egun.